Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, obesitatea eta gehiegizko pisua epidemia izatera iritsi dira mundu mailan; haurren obesitateak prebalentzia handia du eta goranzko joera azken bi hamarkadetan.

Elikadura-ohiturak hobetzea eta jarduera fisiko gehiago egitea izan da obesitatea murrizteko xede nagusia. Hala ere, obesitatea ohitura osasungarriak dituzten herrialdeetan nabarmen gora egiten jarraitzeak iradokitzen du tartean ingurumen-faktoreak egon daitezkeela, besteak beste, jarduera obesogenikoa duten substantzia kimikoekiko esposizioa.

Obesogenoak honela definitzen dira funtzionalki: obesitatea bultzatzen duten konposatu kimikoak, zelula adiposoen kopurua eta/edo dagoeneko badauden adipozitoetan gantzen pilaketa areagotzen dutenak. Gehien ikertu diren konposatu horien artean plastikoaren industrian erabiltzen diren substantziak daude. Horiekiko esposizioa zenbait bideren bidez gerta daiteke: inhalazioaren bidez, azalaren bidez edo elikaduraren bidez.

Obesogenoen jarduera-mekanismoak askotarikoak dira, eta gorputz-pisuan edo metabolismoan inplikatutako geneen adierazpena erregulatzen duten hormona-hartzaileen jarduera aktiba dezakete edo bide metaboliko immuno-neuro-endokrinoen erregulazioan eragin dezakete. Horrek ondorioak izan ditzake apetituaren eta gastu energetikoaren erregulazio zentraletan eta aldaketak eragin hesteetako mikrobiotan, beste zenbait prozesuaren artean.

Garrantzitsua da azpimarratzea obesogenikoekiko esposizioaren aldi kritikoenak sorkuntza aurrekoa, haurdunaldia eta haurtzaroa direla; izan ere, oso garrantzitsuak dira metabolismorako eta aldaketa iraunkorrak eragin ditzakete nerabezaroan eta helduaroan.

Testuinguru horretan, AESANen Batzorde Zientifikoak berrikusi egin du obesogenikoekiko elikagaien bidezko esposizioari buruz dagoen ebidentzia eta osasunean izan dezakeen eragina. Halaber, txosten hau argitaratu du: Elikagaien Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziaren (AESAN) Batzorde Zientifikoaren txostena, elikagaietan egon daitezkeen zenbait konposatu kimikoren jarduera obesogenikoari buruz dauden ebidentziei buruzkoa.

Txosten horretan, honako obesogeno hauen erabilera, elikagaien bidezko esposizioa eta zientzia-ebidentziak deskribatzen eta aztertzen dira:

    • A bisfenola eta antzekoak
    • Ftalatoak
    • Konposatu organoestannikoak (OTak)
    • Poliklorobifeniloak (PCBak)
    • Dioxinak
    • Pestizida organokloratuak
    • Sugar-atzeratzaileak
    • Konposatu perfluotaruak (PFAk)
    • Metalak
    • Triklosana
    • Mikroplastikoak

Txostenaren ondorioak

Literatura zientifikoak agerian uzten du in vivo eta in vitro azterlanetan elikagaietan zenbait konposatu kimikoren eragin obesogenikoa, eta azterlan epidemiologikoek indartu egiten dute hipotesi hori. Azterlan horien emaitzek adierazten dute BFA eta antzekoek, ftalatoek, TBTek, PCBek, dioxinek, DDT pestizida organokloratuak eta haren metabolitoak, sugar-atzeratzaileek eta PFAek obesogeno gisa jarduten dutela, nahiz eta kasu batzuetan ebidentzia ahula den, eta aintzat hartuta txosten horretan aztertutako ebidentzia zientifikoa, ezagutza-hutsune handiak daude obesogenikoekiko elikagaien bidezko esposizioaren eraginei buruz.

Ebaluatutako zenbait azterlan epidemiologikok indartu egiten dute konposatu horiekiko esposizioaren eta obesitatearen artean dagoen harremanaren hipotesia, batik bat esposizio hori umetokiaren barnean eta haurtzaro goiztiarrean gertatzen bada. Hala ere, azterketa gehiago egin behar dira gizakietan, esposizioaren eta eraginaren biomarkatzaileak estandarizatzeko, haien gaitasun obesogenikoa eta eragina mekanismo epigenetikoen bidez beste belaunaldi batzuetara transmititzeko aukera aurreikuste eta ebaluatze aldera. Metalei eta triklosanari dagokienez, zenbait azterlanek kontraesanezko emaitzak eman dituzte, eta, ondorioz, azterlan gehiago egin behar dira haiek obesogeno gisa duten rola argitzeko.

Ezinbestekoa da zientzia-komunitatean adostasuna lortzea konposatu batek obesogenotzat hartzeko izan behar duen eraginari dagokionez. Halaber, balizko jarduera obesogenikoa duten substantzien zerrenda bat egin behar da eta haiek aztertzeko saiakuntza-multzo bat garatu.

Laburbilduz, sakon aztertu behar dira obesogenoen eragin biologikoak eta jarduera-mekanismoak. Halaber, beharrezkoa da ikertzea elikagaietako substantzia obesogenoen eta beste esposizio-iturri batzuetatik eratorritakoen nahasketarekiko esposizioaren eragina.

Gainera, beharrezkoak dira hainbat obesogenorekiko eta obesitatearen beste arrisku-faktore batzuekiko (hala nola dieta, ariketa, hantura, erritmo zirkadianoen disrupzioa, oxidazio-estresa, otordua, gosearen erregulazioa eta asetasuna) esposizioaren elkarreragina kontuan hartzen duten ikerketak. Era berean, ezinbestekoa da zenbait obesogenok izan dezaketen dimorfismo sexuala kontuan hartzen duten azterlan zientifiko gehiago egitea.

Beharrezkoak diren ebidentzia guztiak izatean, zientzialariek eta erakunde arautzaileek beren artean koordinatu eta komunikatu egin beharko dute, arriskua kudeatzeko neurriak aplikatzerakoan estrategia global eta eraginkorra gara dezaten eta substantzia horiekiko esposizioa ahalik eta gehien murriztu dadin.