Azken urteotan, ikusi da zenbait arrazoi direla-eta gero eta joera handiagoa dagoela dieta begetarianoak edo beganoak egiteko; batik bat arrazoi etikoengatik (animalien ongizatea eta ingurumena dira aipagarrienak) eta, neurri txikiagoan, osasun arrazoiengatik.

 

Horrekin batera, merkatuan haragi-analogoen kopurua handitu da; izan ere, herritarrek elikadura begetarianoa edo beganoa egiteaz gain, zenbait pertsonek murriztu egin nahi dute animalia-jatorriko produktuen kontsumoa eta elikagai berriak sartu nahi dituzte beren dietan.

 

Testuinguru horretan, Elikagaien Segurtasunerako Kataluniako Agentziako (ACSA) Elikagaien Segurtasunaren Batzorde Zientifiko Aholkulariak Kataluniako merkatuan eskuragarri dauden landare-jatorriko haragi-analogoen nutrizio-osaeraren ebaluazioa egin zuen, antzeko kategoriatako animalia-jatorriko eratorriekin alderatuta. Horrez gain, landare-jatorriko haragi‑analogoak egiteko erabilitako osagaiak eta etiketetako nutrizio- eta osasun-adierazpenak aztertu zituen.

 

Emaitzen arabera:

 

  • Landare-jatorriko haragi-analogoetan ikusten da energiaren eta mantenugaien edukia oso aldakorra dela. Izan ere, horiek egiteko osagai eta formulazio asko erabiltzen dira.
  • Oro har, alde txiki dago energiaren edukian landare-jatorriko produktuen eta haragi‑jatorriko analogoen artean. Landare-jatorriko produktuek haragi-jatorrikoek baino gantz gutxiago izaten dute eta, batik bat, gantz ase gutxiago.
  • Landare-jatorriko haragi-analogo asko proteina-iturri onak dira, baina ez guztiak. Dietak maiz osatzen dira zerealen eta lekaleen proteinekin, eta horrek produktuen proteinen kalitatea areagotzen lagun dezake.
  • Landare-jatorriko analogoek animalia-jatorrikoek baino karbohidrato gehiago izaten dute. Batez ere, karbohidrato konplexuak eta zuntza dira.
  • Landare-jatorriko produktuek gatz gutxiago izaten dute, baina horietako bakar batek ere ez luke izango “gatz gutxikoa” etiketa.