Sodioa: elikagai-kategoria batzuetarako gehieneko mugak (OME)
Osasunaren Mundu Erakundea (OME) elikagai-kategoria batzuetarako gehieneko sodio-mugak proposatzen hasi zen 2020an. Horretarako herritarren artean gatz-kontsumoa murrizteko helburuak ezartzeko zenbait herrialdetan izandako esperientzian oinarritu zen.
Helburu nagusia da dietari eta nutrizioari lotutako gaixotasun ez transmitigarrien (GET) kopurua murriztea, eta herritarrek ahoratzen duten batez besteko gatz-kopurua % 30era murrizteko helburura iristea. Uste da mundu-mailan 8 milioi heriotza inguru elikadura txarrari lotuta daudela, eta, horietatik, 2 milioi kasu gatzaren (sodioa) gehiegizko kontsumoari egozten zaio. Sodioaren gehiegizko kontsumoak arteria-presioa areagotzen du, eta, ondorioz, gaixotasun kardiobaskularrak, giltzurruneko gaixotasun kronikoa, obesitatea, urdaileko minbizia eta gaixotasun hepatikoak izateko arriskua areagotzen da. OMEk gomendatzen du 5 g gatz baino gutxiago kontsumitzeko egunean, nahiz eta batez besteko ahoratzea horren bikoitza den (9,8 g/egun).
Herrialde gehienetan, dietako sodio-proportzio altua elikagai ultraprozesatuen kontsumotik dator, hala nola snackak, ogia, haragitik eratorritako produktu prozesatuak eta esnekiak. Herritarren artean sodio-kontsumoa murrizteko modu eraginkorra da maiz kontsumitzen diren elikagai-mota horietan sodio-kantitatea murriztea. Hala ere, helburu hori lortzeko aurrerapen globala ez da nahikoa, eta ez dirudi herrialdeek oraingoz lortuko dutenik. Agerikoa da neurri irmo eta multisektorialak behar direla.
Hauek dira gatz-kontsumoa murrizteko orain arte jarraitutako estrategiak:
– Elikagaiak birformulatzea, gatz-kontzentrazioa (sodioa) murrizteko
– Gatz-edukia adieraztea elikagaien etiketan
Dena den, OMEk adierazi du gatz-kontsumoa altua izaten jarraitzen duela, eta erreferentzia-puntuak (gehieneko mugak) adostu beharko liratekeela produktuen kategoria batzuetarako. Horrez gain, herrialde guztietan produktuek sodio-eduki berdina izatea bermatu beharko litzateke. Sodioaren erreferentzia-puntu orokor horiek, gehieneko muga gisa adierazita, herrialdeentzako gida modura balioko dute politika eta estrategia nazionalak ezartzeko, baita OMEren eta mundu-mailako elikagaien industriaren arteko etengabeko elkarrizketarako ere.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) elikagai-kategoria batzuetarako OMEren mundu-mailako erreferentzia-puntuak dokumentua argitaratu du, 2021eko maiatzean argitaratutako dokumentuaren edizio eguneratua. Horren bidez, OMEk, herritarren artean gatz-kontsumoa murrizteko, elikagaien 70 azpikategoriatarako sodio-mailaren mundu-mailako erreferentzia-puntuak ezartzen ditu.
Mundu-mailako erreferentzia-puntu horiek zehaztea oso urrats garrantzitsua da elikagaien birformulazioa errazteko, eta, hortaz, sodioaren kontsumoa murrizteko prozesua ere sustatzen laguntzen du. Mundu-mailako erreferentzia-puntu horien bidez, herrialdeek eta elikagaien industriak egiten duten ahalegina osatu nahi da.