Alkohola eta minbizia EBn: ekintzarako deia
Minbizia, gaur egun, bigarren heriotza-kausa de Europar Batasunean (EB). Han, minbizi- eta heriotza-kasuak gora egiten ari dira. Minbizia gaixotasun konplexua da eta ingurumen-faktoreek eta faktore genetikoek eragiten diote. Hala ere, neurri handi batean, transmitigarriak ez diren beste gaixotasun askoren portaera berberek ere eragiten diote: tabakismoa, alkoholaren kontsumoa, ariketa fisikorik ez egitea eta dieta ez osasungarriak.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) “Alkohola eta minbizia EBn: ekintzarako deia” dokumentua argitaratu berri du: Europak du, mundu mailan, alkoholaren kontsumo-maila handiena. Alkohol gehien kontsumitzen den 10 herrialdeetatik 7 EBkoak dira, eta alkoholari egotzi ahal zaizkion 10 heriotzetatik 3 minbiziak eragin zituen.
1988an IARCk edari alkoholdunak kartzinogeno gisa sailkatu zituen, baina pertsona askoren ustez alkohola osasungarria ere bada neurrian kontsumituz gero. Ikerketa eta zientzia-ebidentzia berriek erakusten dute alkoholak, neurrian kontsumituta ere, areagotu egiten duela minbizia izateko arriskua.
OMEk argitaratutako dokumentuan, datu horiek biltzen dira eta alkoholaren kontsumoa murrizteko estrategiak iradokitzen dira. Honako ondorio hauek nabarmentzen dira:
- Alkoholaren kontsumoak zazpi minbizi-mota eragiten ditu.
- Alkoholaren neurrizko kopuruek ere minbizia eragiten dute, batez ere emakumeen artean (bularreko minbizia).
- Europako biztanleria erdiak ez daki alkoholak minbizia eragiten duela, bularreko minbizia barne.
- Edozein edari alkoholdunek, graduazioa edozein dela ere, minbizia eragin dezake.
- Alkoholaren kontsumoak eragindako minbizi guztien erdia baino gehiago ez dira gehiegizko kontsumoaren ondorio. Kontsumoa neurrizkoa izanda ere, minbizia eduki daiteke.
- Alkoholari egotzi ahal zaion minbiziagatiko osasun kostua Europan 4.580 milioi eurokoa izan zen 2018an.
Kontsumoa murrizteko estrategien eraginkorrenen artean honako hauek nabarmentzen dira:
- Edari alkoholdun guztien zergak handitzea.
- Eskuragarritasuna murriztea, batez ere gazteen artean.
- Publizitatea murriztea edo debekatzea.
- Edari alkoholdunen etiketetan tabakoaren antzeko ohartarazpenak gehitzea.
- Osasun arloko profesionalak alkoholaren kontsumoari heltzeko, arriskuak identifikatzeko eta portaera-aldaketak bideratzeko gaituko dituzten politikak ezartzea.