Nutrizioaren erronkari aurre egiteko gidalerroak: zenbait konponbide, elikakatearen maila desberdinetatik abiatuta
FAO/OMSek nutrizioaren erronkari aurre egiteko gidalerroak biltzen dituen txosten bat argitaratu du. Txosten horretan, elikadura-sistemetan hartu beharreko neurri politiko zehatzen adibideak ematen ditu, helburu hauekin: dieta osasungarriak sustatzea, malnutrizioa saihestea bere forma guztietan (azpielikadura, nutrienteen gabeziak, hazkuntzaren atzerapena, gehiegizko pisua eta obesitatea) eta elikadurarekin lotura duten gaixotasun ez-transmitigarrien gorakada murriztea.
Gida honen xedea da elikadurari eta osasunari buruzko erabakiak hartzen laguntzea; izan ere, egungo elikadura-sistemek ez dute osasun- eta ongizate-egoera egokia lortzeko behar den elikadura mota eskaintzen. Hori horrela, beharrezkoa da sistema horiek aldatzea herrialde edo eskualde bakoitzaren testuinguru espezifikoan.
Txosten honek barne hartzen dituen proposamenen artean honako hauek nabarmendu behar dira, elikadura-azpisektoreka:
Nekazaritzako ekoizpena
- Nutriente askoko elikagaiak (frutak, barazkiak, lekaleak…) dibertsifikatzen eta ekoizten laguntzen duten politikak eta inbertsioak sustatzea
- Nutriente askoko laboreetarako balio-kateak gara daitezela sustatzea
- Nekazaritzako ikerketan egiten diren inbertsioak nutriente askoko laboreetara ere bidera daitezela bermatzea, eta ez soilik oinarrizko laboreetara
Elikagaien biltegiratzea, garraioa eta salerosketa
- Garraioko eta hotz-kateko azpiegituretan inbertitzea, elikagaien galerak murrizteko
- Barneko merkataritza, landa-hiri loturak eta elikagaiak hornitzeko kate laburrak sustatzea, bereziki nutriente askoko elikagaiak direnean (barazkiak, frutak, lekaleak eta fruitu lehorrak)
- Fruta eta barazkiek dituzten merkataritza-oztopoak murriztea, bereziki sasoiz kanpoko aldietan
- Gatz, koipe eta azukre askoko elikagaiak inportatzeko muga-zergak igotzea
Elikagaien eraldaketa
- Elikagaiak birformulatzeko legeak sustatzea
- Elikadura- eta nutrizio-etiketei buruzko legeak abian jartzeko neurriak hartzea
- Nutriente askoko elikagaiak ekoizten dituzten enpresa txiki eta ertainak (ETEak) abian jartzeko inbertsio-funtsak ezartzea
- Prozesatze-teknika berriei zuzenduriko pizgarriak sortzea, kostuak murrizteko eta elikagaien balio nutrizionala areagotzeko
Elikagaien txikizkako salmenta eta hornidura
- Produktu freskoen merkatuetako elikagaiak kaltegarriak izan ez daitezela bermatzeko politikak babestea
- Prezio-pizgarriak eskaintzea, saltzaile ibiltariek kalitate nutrizional handiagoko osagaiak erabil ditzaten eta, aldi berean, elikagaien segurtasun-arauak bete ditzaten
- Zergak aplikatzea, koipe, azukre eta/edo gatz askoko elikagaien kontsumoa murrizteko
- Zenbait elikagairen subsidioak, hala nola fruta, barazki fresko eta lekaleenak, berrikus daitezela sustatzea, kontsumitzaileentzat merkeagoak izan daitezen
- Kontsumitzaileei elikagai galkorrak ematen dizkieten handizkako merkatuei, produktu freskoen merkatu tradizionalei eta txikizkako merkatuei laguntzeko plangintza- eta inbertsio-arauak ezartzea, bereziki diru-sarrera gutxi dituzten herritarrei begira
- Babes sozialerako politika eta programak ezartzea, herritar kalteberenek nutriente askoko elikagaiak eskuratu ditzaketela bermatzeko; esaterako, nutriente askoko elikagaiak ematen dituzten eskolako elikadura- eta nutrizio-programak, edo baldintzapeko eskudiru-transferentziak, fruta eta barazki freskoak erosteko
- Erosketa instituzionalen kontratuak tokiko nekazari txikiei egiten zaizkiela bermatzeko legeak sortzea
- Janari lasterreko saltokiak zonakatzea, bereziki ikastetxeen inguruan
Beste neurri batzuk
- Amagandiko edoskitzea sustatzeko eta babesteko estrategiak eta neurriak ezartzea
- Haurrentzako elikagai eta edarien komertzializazioa arautzea
- Haurrei zuzendutako publizitatea nahitaez arautzea, baita adingabeentzako elikagai eta edariak komertzializatzeko beste modu batzuk ere
- Azpielikadurari, hazkuntzaren atzerapenari, ahuldurari, mikronutrienteen gabeziei, gehiegizko pisuari eta obesitateari buruzko informazio-kanpainak sustatzea komunikazio masiboko hedabideetan, baita marketin sozialeko kanpainak ere, elikadura osasungarria sustatze aldera
- Hezkuntza-erreformak bultzatzea, elikadura- eta nutrizio-arloko heziketa txertatzeko eskola-programetan