Urte hastearekin bat, zenbait ekimen jarri dira martxan herritarrak fruta, barazki eta arrain gehiago jatera animatzeko. Ekimenak saltokietan eta eskola-jantokietan gauzatuko dira.

Sasoiko Elikagaien Kanal Anitzeko Egutegia

Urtarrilean abian jarri da “Sasoiko Elikagaien Kanal Anitzeko Egutegia” ekimena. Horren helburua da halako elikagaiak kontsumitzearen onuren berri ematea herritarrei, beren ohiko elikaduran sar ditzaten eta elikadura osasungarriagoa izan dezaten.

Kartelak jarriko dira saltokietan eta bilduma egiteko moduko fitxa batzuk egingo dira, eta, horien bidez, fruta baten, barazki baten eta arrain-espezie baten propietate nutritibo, osasungarri eta gastronomikoei buruzko informazioa emango da hilero. Urtarrilean jarri da abian kanpaina; zehazki, porrua, sagarra eta lupiaren kontsumoa sustatu dira supermerkatu eta hipermerkatuetan. Aurrerago, tokiko azoketara ere zabalduko da kanpaina.

alimentos

360º-ko eguneratzea eskola-jantokietan

Bestetik, otsailean “Eskola Jantokien Ekimena”-ren beste proiektu pilotu bat egingo da, ikastetxeetan frutak, barazkiak eta arrain urdina kontsumi daitezela sustatzeko. Horretarako, ikasleak jarraipen- eta sari-sistema baten bidez motibatuko dira.

Proiektu pilotu honek jarraipena ematen dio 2018an hamar ikastetxetan eginikoari. Horren barnean, ikastetxeetako menuak aldatu ziren, elikagai osasungarriagoak txertatuta, eta proiektuaren emaitzak Eusko Jaurlaritzaren eskola-jantokien hurrengo esleipen-kontratuaren baldintzen pleguetako premisen artean sartu dira. Proiektu pilotu horren ondorioz, arrain urdinaren bi espezie berri sartu dira menuetan (antxoa eta berdela), eta postre gisa fruta emango da astean 4 egunetan, eta ez 3tan, orain arte bezala.

Euskadiko Elikadura Osasungarrirako Ekimenak

Ekimen horiek Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak sustatutako “Euskadiko Elikadura Osasungarrirako Ekimenak” planean sartzen dira, zeinetan aktiboki parte hartzen baitute Hezkuntza Sailak eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak.

Planaren helburua da elikaduraren bidez osasuna sustatzea. Horretarako, Osasun Sailak 41 informazio-olana jarri ditu euskal osasun-sareko osasun-zentro eta ospitaleetan, lelo honekin: “Aukeratu osasuntsu jatea. Zu irabazle!”.