Azukrea azken urteetan protagonismo gehien izan duen nutriente erabakigarrietako bat da, alde batetik, osasunarentzat oso kaltegarria delako, eta, bestetik, uste dugun elikagai askoz gehiagok dutelako (jada ezagutzen ditugun kalitate nutrizional txarreko produktuez gain, hala nola opilak, gailetak, gominolak…).

Produktu batek zenbat azukre erantsi duen jakin dezakegu etiketari begiratuz. Gogoan izan: zenbat eta azukre erantsi gutxiago, hobe.

Azukreak erantsi badira, OSAGAIEN ZERRENDAN agertuko dira. Bertan osagai guztiak adierazi behar dira, pisuaren araberako beheranzko ordenan. Hau da, lehenengo osagaia ugariena da, beraz, azukreak duen postuak produktuak duen kantitatea adieraziko digu.

Ondorioz, azukrea lehenengo postuan ez agertzearren, beste osagarriak jartzen dira (ziropa, jarabea, melaza…), azukreak izaten jarraitzen dutenak, kantitatea dibertsifikatzeko eta osagaien zerrendetan lehenengo postuetan ez agertzeko.

Hauek dira etiketa batean aurki ditzakegun azukrearen “sinonimoak”.

Gaur egun, elikagai guztiek (salbuespen batzuekin) NUTRIZIO-INFORMAZIOA izan behar dute. Informazio horretan, taula gisa, elementuen zerrenda itxia agertzen da, eta horien artean AZUKREA dago.

Bertan agertzen da produktuaren 100 gramo bakoitzeko guztira zenbat gramo azukre dagoen.

Gerta daiteke nutrizio-taulan azukre-kantitate bat agertzea, baina gero osagaien zerrendan ez egotea; kasu horietan, ez da erantsi. Hau da, produktuak naturalki elikagaiak dituen azukreak ditu, hala nola frutak edo esnearen deribatuak.

Azukreak naturalki badaude elikagaietan, etiketan honako hau agertu behar da: “BEREZKOAK DIREN AZUKREAK DITU”.

“AZUKRERIK GABEA”, “AZUKRE GUTXIKOA” eta antzekoak

Produktu bat horrelako mezuen bidez susta dadin, nutrizio-adierazpenei eta propietate osasungarrien adierazpenei buruzko legeriak ezartzen dituen baldintzak bete beharko ditu.

Azukreari dagokionez, etiketan horrelako adierazpenak egin ahal izateko, honako hauek bete behar ditu:

AZUKRE-EDUKI TXIKIA

Soilik adieraz daiteke baldin eta produktuak, solidoen kasuan, 5 g azukre baino gehiago ez badu 100 gramoko, edo, likidoen kasuan, 2,5 g azukre 100 mililitroko.

AZUKRERIK GABE

Adierazi ahalko da baldin eta produktuak ez badu 0,5 g azukre baino gehiago 100 gramoko edo 100 mililitroko.

AZUKRE ERANTSIRIK GABE

Soilik adieraz daiteke baldin eta produktuari ez bazaio erantsi monosakaridorik, disakaridorik edo ezaugarri edulkoratzaileak izateagatik erabiltzen den elikagairik.

AZUKRE-EDUKI MURRIZTUA

Azukre-edukia gutxienez % 30 murriztu da, antzeko beste produktu batekin konparatuz gero. Gainera, elikagai horrek konparatzen den produktuaren kilokaloria-kopurua berbera edo txikiagoa izan beharko du.

Eguneratze data: