Lehenengo edulkoratzailea (sakarina) azaldu zenetik ia 150 urte igaro arren, betiere eztabaida sortu da haien inguruan. Osasunerako guztiz onak ez izatearen ideiak beti hor egon dira.

Hona hemen edulkoratzaileak erabiltzearen gainean sortutako eztabaidak:

  • “Gozoaren aldeko gustuaren hipotesia”.
  • Edulkoratzaileak 2 motako diabetesaren arriskuarekin eta kontrol gluzemikoa nahastearekin lotuta daude.
  • Edulkoratzaileek hesteetako mikrobiotan kontrako eragina izan dezakete.
  • Kontsumitzaileek edulkoratzaileak eta minbiziaren arriskua elkartzen dituzte.

 

Lehen aipatu den bezala, elikagaietan eta edarietan ageri diren edulkoratzaile guztiak erabiltzeko baimenduta daude, eta toxikologiaren ikuspegitik seguruak dira eguneko dosi onargarrian kontsumitzen badira.

TOXIKOLOGIAREN IKUSPEGITIK SEGURUAK DIRA, BAINA KALTEGABEAK AL DIRA?

Azukre askeen kontsumoa murriztu behar denez, kaloria gutxiko edulkoratzaileen kontsumoa nabarmenki areagotu da. Azukre askeekiko kaloria gutxiko aukerak dira, eta pisua galtzen edo pisu osasungarria mantentzen laguntzeko merkaturatzen dira. Horrez gain, maiz, diabetesa dutenei gomendatzen zaie odolean glukosa kontrolatzeko bitarteko gisa.

Azukrearen kontsumoa murrizteko kontzientzia handia dago, osasunerako kaltegarria baita, baina ez da gauza bera gertatzen edulkoratzaileekin. Pertsonek asko kontsumitzen dituzte, argaldu nahi badute edo diabetesa hobetu.

2022ko apirilean, OMEk “Azukrerik gabeko edulkoratzaileen erabilerak osasunerako dituen efektuak: ikuskapen sistematikoa eta metaanalisia” izenburupeko azterketa argitaratu zuen. Azterketaren baitan, iradoki zen haurrengan eta helduengan edulkoratzaileen erabilerak ez zekarrela epe luzean inolako onurarik gorputzeko koipea murrizteko orduan eta luzaroan erabiliz gero desiragarriak ez ziren efektuak egon zitezkeela, hala nola 2 motako diabetesa nahiz gaixotasun kardiobaskularrak izateko eta hiltzeko arrisku handiagoa helduetan.

Azterketa horretan funtsatuta, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gidalerro bat argitaratu du azukrerik gabeko edulkoratzaile biziak erabiltzeari buruz. Pisua kontrolatzeko edo gaixotasun ez-transmitigarrien arriskua murrizteko ez erabiltzea gomendatzen da.

Bestalde, Minbiziari buruzko Nazioarteko Ikerketa Zentroak (CIIC), Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Elikagai Gehigarrien Adituen FAO/OME Batzorde Mistoak (FECFA) eta Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundeak (FAO) aspartamoak osasunean dituen eraginak ebaluatu dituzte. Azterketa independente baina osagarriak egin dituzte aspartamoaren kontsumoari lotutako balizko arrisku kartzinogenoa eta osasunerako beste arrisku batzuk aztertzeko. CIICak aspartamoa ebaluatzen duen lehen aldia da; JECFArena, aldiz, hirugarrena.

Eskuragarri dagoen bibliografia zientifikoa aztertu ostean, bi ebaluazioetan adierazi da minbiziari buruz eskuragarri dauden ebidentziak mugatuak direla (bai eta osasunerako beste ondorioenak ere).

CIICak azaldu du aspartamoa kartzinogenoa izan daitekeela gizakientzat (2B taldea), gizakiengan minbiziari buruzko ebidentzia mugatuaren arabera (zehazki, kartzinoma hepatozelularrerako, hots, gibeleko minbizi mota bat).

Horrez gain, ikusi zen ebidentzia mugatua zegoela esperimentazio‑animalien minbizian, baita minbizia eragiten duten balizko mekanismoei lotuta ere.

JECFAk ondorioztatu du ebaluatutako datuen arabera ez dagoela arrazoi nahikorik aldez aurretik ezarritako aspartamoaren eguneko ingestio onargarria (EIO) aldatzeko, hau da, gorputz pisuaren 0 eta 40 mg/kg artean. Hortaz, Batzordeak berretsi du muga horren barne dagoen eguneko kantitatea kontsumitzea kaltegabea dela.

Horrek ez du esan nahi azukrea kontsumitzera itzuli behar denik, eta gidalerroan bertan beldur hori islatzen da. Gomendioa da “azukre askeen kontsumoa murrizteko beste modu batzuei erreparatzea, besteak beste, azukre naturalak dituzten elikagaiak (frutak edo elikagaiak eta azukrerik gabeko edariak) kontsumitzea”.

Pertsona batek edulkoratzaile asko kontsumitzen duenean, ahosabaiko gozotasun-hartzaileak asaldatzen dira, eta gero eta elikagai gozo gehiago behar ditu gozotasunaren zentzumena antzemateko. Elikaduraren ereduak okerrera egiten du, eta elikagai ultraprozesatuen kontsumoa handitzen da.

Era berean, azterketa batzuei jarraikiz, edulkoratzaileak ez dira organismoarentzako inaktiboak; mikrobioma (mikroorganismo gastrointestinalen oreka) alda dezakete eta glukosa toleratzeari eragin diezaiokete.

Eguneratze data: