Azukreak duen ospe txarraren ondorioz eta horren kontsumoa murriztearren, kontsumitzaileek aukera osasuntsuagoak bilatzen dituzte jakiei gozotasuna emateko. Alde batetik, teorikoki osasuntsuagoak diren aukeren alde egiten dute, hala nola eztia, ziropa edo jarabeak, azukre beltza edo integrala, panela edo, bestalde, fruta xehatu, birrindu edo likidotuak erabiltzen dira.

Jakien etiketak aztertuz gero, ikus daiteke azukre hitza gutxi erabiltzen dela (ondoan gabe edo gutxi duenean bakarrik agertzen da), baina eztia, melaza, arto-jarabea, agabe-ziropa edo dextrosa agertzen dira.

Hala ere, teorikoki osasuntsuagoak diren aukera horiek errealitatean elikagaien industriaren estrategia da, azukrea produktuen osagai nagusia dela ezkutatzeko, izena zeinahi ere den.

AZUKRE BELTZA/ AZUKRE INTEGRALA

Arrazoi ezezagunak direla eta, azukre beltz edo integrala zuria edo arrunta baino aukera osasuntsuagoa delako ustea hedatu da. Hala eta guztiz ere, azukre zuria % 98an sakarosa bada, azukre beltzaren kasuan % 85tik 95ra da. Gainerakoa ura, mineral pixka bat eta bitamina oso gutxi dira.

Nahiz eta batzuetan “koloreztatutako” azukre zuria dela dirudien, ez da hala, legediak debekatzen duelako azukrean koloragarriak erabiltzea. Izena ematen dion kolore “beltza” azukrea lortzeko moduaren ondorioa da: azukre-kristalak kanabera-melazarekin nahasten dira, eta zenbat eta melaza gehiago izan, orduan eta ilunagoa izango da azukrea.

EZTIA

Osasuntsuagotzat (eta naturalagotzat) jotzen den beste aukeretako bat eztia da. Errealitatean, soluzio horren pisuaren % 85 azukrea da. Hau da, 100 gramo ezti bakoitzeko 85 gramo azukre dago. Gainerakoa ura eta beste nutrienteen aztarna txikiak dira, nagusiki bitamina eta mineralenak, baina kantitate txikietan.

Gainera, jende askok uste du eztiak katarro edo hotzeriaren aurkako propietateak dituela. Baina ez dago eztiak immunitate-sistemaren defentsak hobetzen dituela edo hotzeria sendatzen duela frogatzen duen ebidentzia zientifikorik. Eztarria leundu dezake, baina gutxi gehiago.

Balio gastronomikoa du bere zapore eta testuragatik, eta asko erabiltzen da jatetxe-arloan, batez ere entsalada, saltsa edo marinatuetarako eta postreetarako gozagarri gisa.

PANELA

Panela azukre beltzak ere baino ospe osasuntsuagoa du, esaten delako nutrizio-balio handiagoa duela, kanabera-azukrearen zukuaren konposatu gehienak mantentzen dituelako. Hala ere, eta gainerako aukerekin gertatzen den moduan, % 85 azukrea izaten jarraitzen du.

Gainera jasangarritasun txikiagoa du; izan ere, ekoizle nagusiak Asian eta Hego Amerikan daude, kanabera-azukretik lortzen delako, eta eremu horietan landatzen da.

ZIROPA ETA JARABEAK

Gauza bera. Kasu bietan azukre-maila nahiko altuko soluzioak dira, % 70 baino gehiago azukrea da eta zenbait landare edo fruituen aterakinetatik erauzten dira: astigar-jarabea (% 70), arto-jarabea (% 76), agabe-ziropa (% 85)…

Ezagunak dira “azukre likido” izenarekin ere, batez ere elikagaien industrian, asko erabiltzen direlako kristalizazioa saihesteko, itsaskortasuna erregulatzeko…

FRUTA XEHATUA

Fruta osasuntsuagoa denez, azukre zuria modu naturalean azukrea duten osagaiekin ordeztea osasuntsutzat jo izan da. Hori dela eta, azken boladan platanoa edo datilaren gisako frutak (batez ere bigarrena) erabiltzen ari dira gozagarri gisa, etxeko postreetan zein elikagaien industrian.

Hala ere, fruta osoen azukrea ezin da alderatu fruta xehatu, birrindu edo likidotuarenarekin, azken kasuan “azukre asketzat” jotzen delako, eta azukre arrunt gisa portatzen direlako. Beraz, nahiz eta ospe hobea izan, ia gauza bera kontsumitzea bezala izango litzateke.

Gainera, elikagai batean osagarri gisa erabili bada hori gozatzeko, etiketan ezingo litzateke jarri “azukre erantsirik gabea”.

Laburbiltzeko, printzipioz hobeak diruditen edo ospe osasuntsuagoak duten “aukerak” egon arren, ia-ia gauza bera dira: azukrea ehuneko izugarri altuan (% 70tik gora beti), eta metabolikoki guztiak berdin portatzen dira. Izan ditzaketen nutrienteen kantitateak (adibidez bitaminak eta mineralak) oso txikiak dira, beraz, hobe da fruta jatea nutriente horiek lortzeko.

Eguneratze data: