Azukre aske asko kontsumitzea kezkagarria da dietaren kalitate txarrarekin, obesitatearekin eta transmititu ezin diren gaixotasunak hartzeko arriskuarekin duen loturagatik, horiek baitira mundu mailan heriotza-kausa nagusia.

OME

Kezka horren ondorioz, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) jarraibide bat argitaratu zuen 2015ean. Helburua zen azukre askeak hartzeari buruzko gomendioak egitea, eta gomendio horiek osasun publikoko neurriak lantzeko erabili ahal izatea, azukre horiek gutxiago kontsumitzeko.

Azukre askeak gutxiago hartzeko gomendioak azken datu zientifikoen analisian oinarritu ziren. Datu horiek adierazten zuten, alde batetik, azukre gutxiago kontsumitzen zuten helduek gorputz-pisu gutxiago zutela, eta, bestetik, dietan azukre-kopurua handitzeak pisua handitzearekin zerikusia zuela. Gainera, edari azukredunen maila altuenak kontsumitzen zituzten haurrek gehiegizko pisua edo obesitatea izateko aukera handiagoa zutela ikusi zen.

Bestalde, datuek agerian utzi zuten azukre askeen kontsumoak guztizko kaloria-ahorakinaren % 10 baino handiagoa izateak hortzetako txantxar-tasa handiagoak eragiten zituela.

Datuetan oinarrituta, OMEk gomendatu zuen azukre askeen kontsumoa oso txikia izan beharko litzatekeela bizitza osoan. Helduetan zein haurretan, azukre askeen kontsumoa kaloria-ahorakina osoaren % 10 baino gutxiagora murriztea da onargarriena, eguneko 50 g gutxi gorabehera. Hala era, gomendagarriena izango litzateke kaloria-ahorakin osoaren % 5 baino gutxiagora murriztea, eguneko 25 g gutxi gorabehera (6 azukre koskorren baliokidea).

EFSA

2021ean, EFSAk eskaera bat jaso zuen, edozein jatorritako elikagai-azukreetako zientzian oinarritutako ahoratze onargarriaren gehieneko maila ezartzeko.

ZER DA AHORATZE ONARGARRIAREN GEHIENEKO MAILA?

Erreferentziazko nutrizio-balio bat da. Mantenugai baten (adibidez, azukreak) epe luzeko eguneko gehieneko ahoratze-maila ezartzen du, gizakien osasunean ustez ondorio kaltegarriak izateko arriskurik ez dakarren edozein jatorritakoa.

Ahoratze onargarriaren gehieneko maila eta ahoratze gomendagarriaren maila ez dira gauza bera, aitzitik, kontrakoa: modu zientifikoan lortutako “atalasea” da, eta horren gainetik kontsumitzeak osasunean ondorio kaltegarriak dituela erakutsi du, gaixotasunak barne.

Hori ezartzeko nahikoa datu ez badago, ahoratze-maila segurua ezar daiteke, osasunean ondorio kaltegarririk ikusten ez den arte.

EFSAko aditu zientifikoek azukrearen inguruan dagoen literatura guztia sakon berrikusi zuten. Argitalpen zientifikoen kopuru handia gorabehera, eskuragarri zeuden datuek ez zuten ahalbidetu elikagai-azukreen gehieneko ahoratze-maila onargarria edo ahoratze-maila segurua ezartzea.

Arriskuak kuantifikatzea ezinezkoa izan bazen ere, zientzialariek, ziurtasun-maila desberdinekin, azukreak hartzearen eta osasun-arazoen arteko lotura berretsi zuten. Beraz, guztizko azukrearen ahorakin osoa ahalik eta txikiena izan behar da nutrizio-aldetik egokia den dieta baten testuinguruan. Elikagai-kategoria desberdinen azukre erantsien eta askeen kontsumoa mugatzea gomendatzen da.

Eguneratze data: