Aholkuak dietaren ordezkoen oinarrizko osaerari buruz – EFSA 2015
EFSAko Dietetika Produktuen, Nutrizioaren eta Alergien Panelak (NDA) zientzia-irizpen bat argitaratu du, pisua kontrolatzeko dietaren ordezkoen oinarrizko osaerari buruz. Produktu horiek energia-defizit nabarmena eragiten dute gehiegizko pisua duten pertsona helduengan, euren dieta osorik ordezkatuta pisua murriztu nahi dutenengan.
Halaber, Panelak informazioa eman zuen produktu horien erabilera-baldintzez eta -mugez, eta gomendatu zuen hiru astetik gora ez erabiltzeko, medikuaren zaintzarik eta zaintza dietetikorik gabe. Halaber, ohartarazi zuen jaioberriek, haurrek, nerabeek, emakume haurdunek edo edoskitze-aroan daudenek ez dutela halako produkturik kontsumitu behar, ezta pisu normala edo bestelako patologiak (diabetesa, hezueria, tiroideko gaixotasunak, giltzurruneko gaixotasuna, gibeleko gaixotasuna, gaixotasun kardiobaskularra edo behazun-kalkuluak) dituzten pertsona zaharrek edo helduek ere.
Azkenean, Panelak nabarmendu zuen garrantzitsua dela likidoen ingesta egokia egitea energia murrizten denean, gizon eta emakume helduen kontsumo egokiekin bat eginez: 2,5 litro eta 2,0 litro, hurrenez hurren.
Dieta ordezkatzeko produktu hauen oinarrizko konposizio-, energia- eta nutrizio-betekizunei dagokienez, Panelak honako balio hauek proposatzen ditu:
- Proteina: 75 g/egun, oinarri hartuta proteinaren erreferentziazko ingestaren balioa biztanleriarentzat, gehiegizko pisura edo obesitatera egokituta.
- Karbohidratoak: 30 g/egun, burmuinaren nahitaezko glukosa-beharrizanak oinarri hartuta.
- Lipidoak: 20 g/egun, gutxienez funtsezko bi gantz-azidoren ingesta egokia emateko: azido linoleikoa (11g/egun) eta azido α-linoleikoa (1,4 g/egun).
- Energia: 600 Kcal/egun. Makronutrienteen gutxieneko edukitik eratorritako edukia.
- Mikronutrienteak: erreferentziazko ingesten edo Adituen Panel honek beronek gomendatutako gutxieneko kontsumoen arabera.