Europako Batzordeak Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzari (EFSA) eskatu zion bil zitzala trans gantzek osasunean dituzten eraginei buruzko zientzia-emaitzak, zehazki honako arlo hauetan: nutrizio-jakinarazpenak eta propietate osasungarriei buruzko jakinarazpenak, erreferentziazko balio dietetikoak eta elikagai-gehigarriak. Horren guztiaren xedea da zientzia-oinarria ematea, gaur egungo xedeak eta gomendioak berresteko trans gantzen ingestari dagokionez.

Esku-hartze kontrolatuko ikerketen datuek adierazten dute trans gantz-azidoak (TGA) dituzten dietek kontrako eragina dutela odoleko lipido-edukiari dagokionez (lipido horiek bihotzeko gaixotasunen gorakadaren adierazle dira), gantz-azido cis-monoinsaturatuak edo cis-poliinsaturatuak dituzten dietekin alderatuta. Kontrako eragin hori zuzenean dago lotuta kontsumitutako TGA kopuruarekin. Kohorteen prospekzio-azterlanen arabera, zenbat eta TGA gehiago kontsumitu, orduan eta handiagoa da bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua.

 

Bi azterlan horien sendotasunak finkatu egiten du ondorio hau: TGAren ingestak eragin lineala du (mendekotasun-dosia) gaixotasun horiek izateko arriskuaren gorakadan, dietan beste gantz-azido batzuen ingestarekin erkatuz gero. Nolanahi ere, gaur egun eskura dauden ebidentziak ez dira nahikoak TGA naturalen edo hidrogenazio-prozesuen bidez sortutako TGAen eraginen arteko diferentziak ezartzeko.

Europako eta Estatu Batuetako elkarte profesionalen gomendioek (Europako Kardiologia Elkartea zein Estatu Batuetako Bihotzeko Elkartea eta Estatu Batuetako Diabetes Elkartea) adierazten dute ahalik eta TGA gutxien kontsumitu behar dela.

Europan, gomendioak aldatu egiten dira herrialdeen arabera: dietaren energia osoaren <% 10 (iparraldeko herrialdeak), ≤ % 2 (Frantzia, Erresuma Batua) eta ≤ % 1 (Belgika, Herbehereak, Alemania-Austria-Suitza, Espainia). Belgikako, Alemaniako, Austriako, Suitzako, iparraldeko herrialdeetako eta Espainiako azken gomendioek diote dietan ahalik eta TGA gutxien kontsumitu behar dela, betiere <% 1. Nolanahi ere, Frantzian (2010) eta Erresuma Batuan (2007) eutsi egin zaie % 2ko mugari.