Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sodio-ingestioa murrizteko politikak ezartzeko aurrerabideei buruzko txosten bat aurkeztu du. Txosten horretan agerian utzi da mundu-mailan 2025erako sodio-ingestioa % 30 murrizteko helburua lortzetik urrun gaudela.

 

Sodioa oinarrizko mantenugaia da, baina bihotzeko gaixotasuna, istripu zerebrobaskularra eta heriotza goiztiarra izateko arriskua areagotzen du gehiegi kontsumitzen denean. Sodio-iturri nagusia mahaiko gatza da.  Mundu-mailan batez besteko ingestioa egunean 10,8 gramokoa da; hots, OMEk gomendatzen duenaren (5 gramo baino gutxiago, koilarakada txiki bat) bikoitza.

 

Txostenean ikus daiteke soilik bederatzi herrialdek (Brasil, Txile, Txekiar Errepublika, Lituania, Malasia, Mexiko, Saudi Arabia, Espainia eta Uruguai) dutela sodio-ingestioa murrizteko gomendatutako politiken pakete oso bat; hau da, OMEko kide diren herrialdeen % 5ek baino ez.

 

Sodioa murrizteko ikuspuntu integral batean sartzen da derrigorrezko politikak ezartzea, baita  OMEk sodioari lotuta egindako “erosketak hobetzeko” lau esku-hartzeak gauzatzea ere. Horiei esker, neurri handi batean, gaixotasun ez-transmitigarriak prebenitzen lagundu daiteke. Honako hauek dira:

 

  1. Elikagaiak birformulatzea gatz gutxiago izateko, eta elikagaietako eta janarietako sodio kopuruari lotutako helburuak ezartzea
  2. Elikagaiak erosteko politika publikoak ezartzea, gatz edo sodio ugariko elikagaiak mugatzeko erakunde publikoetan, hala nola ospitaleetan, eskoletan, lantokietan eta adinekoen egoitzetan.
  3. Paketearen aurrealdean etiketak jartzea, kontsumitzaileei sodio gutxiko produktuak hautatzen laguntzeko.
  4. Portaera aldatzeko jakinarazpenak eta kanpainak egitea hedabideetan, gatz-/sodio-kontsumoa murrizteko.

 

OMEk estatu kideei dei egin die sodio-kontsumoa murrizteko politikak ezar ditzaten eta gatzaren gehiegizko kontsumoaren ondorio kaltegarriak arindu ditzaten. Halaber, elikagaien fabrikatzaileei produktuetan sodioa murrizteko asmo handiko helburuak ezar ditzaten eskatu die.