EFSAk zientzia-irizpen bat argitaratu berri du, zeinetan ondorioztatzen den sakarina segurua dela giza kontsumorako, eta handitu egin du Eguneko Ingestio Onargarria (EIO): eguneko 5 mg/gorputz-pisuaren kg-tik 9 mg-ra.

Zer da sakarina?

Sakarina elikagaiak gozatzeko erabiltzen da eta 60ko eta 70eko hamarkadetan ospe handia lortu zuen azukrearen ordezko gisa. Sakarinaren gatzak hobeto disolbatzen dira uretan; beraz, errazago gehitzen dira elikagai eta edarietan, eta gozatu egiten dituzte.

Sakarinak eta haren gatzek produktuen etiketetan agertu behar dute; horrek aukera ematen die kontsumitzaileei erabakiak jakinaren gainean hartzeko. Gainerako elikagai-gehigarriak bezala, etengabe berrebaluatzen dira haien segurtasuna berrikusteko.

Sakarina eta haren gatzak berrebaluatzea elikagai-gehigarri gisa

Berrebaluazio hori eskala handiagoko lan baten parte da. Lan horren helburua da baimendutako elikagai-gehigarri guztien segurtasuna berrikustea elikagaietan erabili ahal izateko, EBko legediak eskatzen duenaren arabera.

Argitaratutako zientzia-irizpenak sakarina eta haren sodio-, potasio- eta kaltzio-gatzak berrebaluatzen ditu elikagai-gehigarri gisa, edulkoratzaile gisa baimenduta baitaude (E 954).

EIOak, bizitzan zehar egunero kontsumitu daitekeen substantzia baten kopuru segurua adierazten duenak, sakarina eta haren sodio-, potasio- eta kaltzio-gatzak (E 954) barne hartzen ditu. Aurreko EIOa 1995ean ezarri zen arratoiekin egindako azterketetan antzemandako maskuriko tumoreen intzidentzia handienean oinarrituta. Hala ere, gaur egun adostasun zientifikoa dago: arratoi arrek baino ez dituzte halako tumoreak eta ez dira sortzen gizakietan.

EFSAko adituek eskuragarri zeuden datu guztiak aztertu dituzte eta ondorioztatu dute sakarinak ez duela kalterik eragiten DNAn, eta haren kontsumoa eta gizakietan minbizia izateko arriskua lotuta egoteko aukera gutxi dagoela; beraz, zientzia-irizpenean ondorioztatu zen, duela gutxi egin diren azterlanen arabera, ez dela E 904ren genotoxikotasun-arazorik sortzen, eta sakarinetarako (E 954) EIOa handitu zen: eguneko 9 g/gorputz-pisuaren kg.

EIO horrek ordeztu egiten du Elikagaien Batzorde Zientifikoak ezarritako eguneko 5 mg/gorputz-pisuaren kg-ko EIOa. Panelak ikusi zuen sakarinekiko (E-954) esposizio kronikoen esposizio-zenbatespenak EIOa baino txikiagoak direla, eta Europako Batzordeari gomendatu zion berrikus zitzala sakarinarentzat eta haren sodio-, potasio eta kaltzio-gatzentzat (E-954) EBk ezarritako zehaztapenak.

Horrez gain, kontsumitzaileen esposizioa txikiagoa da duela gutxi lortutako EIOa baino; beraz, ez du arriskurik eragiten osasunean.