Nahiz eta gatza beharrezkoa den organismoak behar bezala funtziona dezan, gatz gehiegi kontsumitzen badugu arteria-presioa handitu egiten da, eta, ondorioz, gaixotasun kardiobaskularrak (istripu zerebrobaskularrak, bihotz-gutxiegitasuna…) izateko arriskua areagotu. Gainera, lotura epidemiologikoa du zenbait gaixotasunekin, hala nola osteoporosiarekin (hezurrak hausteko joera handiagoa, batez ere adinekoetan), giltzurruneko litiasiarekin (giltzurruneko harriak) edo zenbait minbizi motarekin (besteak beste, urdaileko minbizia).

GATZ GEHIEGI KONTSUMITZEAK OSASUNEAN ERAGITEN DITUEN ARAZOAK

Arestian aipatu den bezala, gatz gehiegi kontsumitzeak honako hauen kausa nagusietako bat da:

HIPERTENTSIO ARTERIALA

Giltzurrunek ezin dute kanporatu gehiegizko gatza; beraz, odolean pilatzen da, ura erakartzen du eta odol zirkulatzailearen bolumena handitu egiten da. Bihotzak sendoago egin behar du lan odol horrek zirkula dezan, eta presioak gora egiten du; ondorioz, hipertentsio arteriala eragiten du.

Hipertentsio arteriala gaixotasun kronikoa da, maiz bizitza osorako tratamendua behar izaten da eta nahasmendu larriagoen kausa nagusia da, hala nola iktusa edo istripu zerebrobaskularra, edo bihotz-gutxiegitasuna edo infartua (gatzak bihotzari ere zuzenean eragiten dio, haren funtzionamendua gaizkoatu egiten du eta bihotzak ezin du beharrezkoa den odola ponpatu).

OSTEOPOROSIA

Sodioa sodio kloruro forman (mahaiko gatza) dagoenean kaltzioaren gernu-iraizpena areagotzen du. Kaltziuria, neurri batean, hauek eragiten dute: bolumena igotzea, glomerulu-iragazketaren abiadura areagotzea eta sodio eta kaltzio ioien arteko lehia giltzurrun-tubuluan.

Kaltzio-ingestioa ez bada aproposa, sodioaren kontsumoa arrisku-faktore bihurtzen da osteoporosirako; izan ere, dietan xurgatutako kaltzioak ezin badu galdutakoa konpentsatu, hezurrari eragingo dio eta hezurrak hausteko aukera handiagoa izango da.

GILTZURRUNEKO LITIASIA

Giltzurruneko sistemak odola iragazi eta arazten du. Gatz gehiago kontsumitzen bada, iragazketari eragiten dio: giltzurrunek ura kanporatzeko duten gaitasuna murrizten da; ondorioz, giltzurruneko harriak errazago sortzen dira eta hipertentsioa izateko aukera areagotzen da.

LIKIDOEN ERRETENTZIOA

Halaber, eta aurrekoari lotuta, likidoak metatu eta atxikitxen dira. Bihotzaren edo biriken inguruan bada, horien funtzionamendua okerragotzen da, eta ehunetan metatzen bada, hanka eta orkatilak puztu edo edemak sortzen dira.

URDAILEKO MINBIZIA

Gatzaren gehiegizko kontsumoak tumore-mota batzuk eragin ditzake, hala nola urdaileko minbizia; izan ere, sabelaren estalkia higatzen duen substantzia sumingarria izan daiteke, eta urdailean tumorea izateko aukera areagotzen duten infekzioak edo lesio ultzeradunak eragin ditzake.

GEHIEGIZKO PISUA ETA OBESITATEA

Zeharka, gehiegizko pisuari eta obesitateari eragiten die. Produktu ultraprozesatu askotan gatza eta beste gehigarri batzuk (hala nola glutamato monosodikoa) erabiltzen dira zaporea indartzeko, eta, ondorioz, produktu mota horiek asko kontsumitzen dira.

Produktu gazien kontsumo handiak egarria eragiten du, eta, askotan, edari azukredun edo energetikoekin asetzen da. Horrek guztiak gehiegizko pisua izateko aukera areagotzen du.

ARNAS APARATUA

Ikusi da gehiegizko gatzaren kontsumoak asma okerragotzen duela. Gatz gutxi ahoratzen denean, arnas-bideek airea igarotzean erresistentzia txikiagoa egiten dute, eta, ondorioz, gaixotasuna hobetu eta botika gutxiago erabili daitezke.

Eguneratze data: