Gatza ezinbestekoa da bizitzarako; izan ere, sodioa funtsezko mantenugaia da organismoaren zeregin ugaritarako.

Sodioa gizakien zelula barneko ioi ugariena da eta haren erregulazioa zuzenean dago lotuta oso garrantzitsuak diren beste ioi batzuen erregulazioarekin, besteak beste, potasioaren erregulazioarekin.

Besteak beste, honako zeregin hauek ditu:

1. Oreka osmotikoari eustea

Gatza osatzen duten ioiek (sodioa eta kloroa) funtsezko zeregina dute organismoko fluidoen homeostasiari eusteko (orekaren egoera).

Xedea da zelulen barruan eta kanpoan dauden molekulen kontzentrazioa erregulatzea, behar bezala funtziona dezaten.  Zelula batean substantzia baten kopurua handia dagoenean, mintza iragazgaitz egiten da substantzia horrekiko eta ez du uzten gehiago sar dadin.  Substantzia agortzen denean, mintzak berriro ahalbidetzen du haren sarrera.

Hemen esku hartzen du sodio-potasio ponpak, organismoko zelula guztiek mintz plasmatikoan duten funtsezko entzimak. Haren zeregin nagusia da zelulen barneko eta kanpoko oreka elektrolitikoari eustea, sodio eta potasio ioien kontzentrazioa erregulatuz eta zelulen barnean potasio-kontzentrazio altuari eta  sodio-kontzentrazio baxuari eutsiz.

Banaketa horrek zelulen egitura mantentzeko funtsezkoa den gradiente elektrokimikoa sortzen du, beste molekula batzuk (besteak beste, glukosa eta aminoazidoak) garraiatzeko ere erabiltzen dena.

Ponparen jardueraren gorabeherek gaixotasunak garatzen lagun dezakete, hala nola hipertentsioa, bihotz-gutxiegitasuna eta giltzurruneko gaixotasuna.

2. Nerbio-bulkaden transmisioa

Neuronen artean komunikazioa egon dadin, substantzia kimikoak (neurotransmisoreak) askatzen dira, eta substantzia horiek neurona batzuetatik beste batzuetara garraiatzen dira sinapsi izeneko prozesu baten bidez.

Neurotransmisorea askatzen denean, aldaketa bat gertatzen da neuronaren mintzean, eta ioiak mugiarazten ditu zelularen eta zelulaz kanpoko espazioaren artean, eta hor batez ere  sodioak eta potasioak hartzen dute esku.

3. Presio arteriala erregulatzea 

Sodio-kopurua oso lotuta dago odol-bolumenarekin.  Presio arteriala oso baxua bada, ura eta sodioa gal ez daitezen saiatu behar da.  Hori giltzurrunean erregulatzen da presio arterialak behera egiten duenean aktibatzen diren hormona multzo bati esker.

Horiek aktibatzean aldosterona askatzen da eta giltzurrunean dauden sodio‑kanal batzuk irekitzen dira. Hori gertatzen denean, sodio gehiago xurgatzen da eta, ondorioz, ur gehiago.

Hortaz, odol-bolumena handitu egiten da, bai eta presio arteriala ere.  Era berean, presio arteriala baxu dagoenean, sodio eta ur gutxiago xurgatzen dira giltzurrunean,  gernuan kanporatzen dira eta behera egiten du odol-bolumenak.

4. Muskulu-uzkurdura eta guruin-jarioa

Mekanismo hau nerbio-bulkada transmititzeko mekanismoaren antzekoa da, nahiz eta kasu honetan bulkada jasotzen duen zelula guruin bat edo muskulu-zelula bat izan daitekeen.

Bulkada guruin batek jasotzen badu, guruin-jarioan aldaketa bat gertatuko da, eta bulkada muskulu-zelulak batek jasotzen badu, muskulu-uzkurdura  edo muskulu-erlaxazioa.

Eguneratze data: