OMEren Europarako Eskualde Bulegoak Haurren Obesitatea Zaintzeko Europako Ekimena ezarri zuen 2007an, eskola-adineko haurren gehiegizko pisuaren eta obesitatearen prebalentziari buruzko zaintza-datu estandarizatuen beharrari erantzuteko.

 

Informazio hori izatea funtsezkoa da OMEren Europako Eskualdean haurren obesitateari heltzeko politika eta estrategia eraginkorrak garatzeko. Lehen datu-biketatik (13 herrialdek hartu zuten parte), COSI ekimenak geroz eta parte-hartze handiagoa izan du: 38 herrialdek parte hartu dute 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetan egindako bilketa horretan (laugarrena), eta eskola-adineko 250.000 haurrek baino gehiagok hartu zuten parte.

 

Gainera, 34 herrialdek eskola-inguruneari buruzko datu gehiago bildu zituzten, eta 23 herrialdek haurren dietari eta jarduera fisikoari buruzko datuak. Datu horiek bildu eta aztertuz gero, herrialdeen arteko alderaketak egin daitezke, eta hobeto uler daiteke haurren gehiegizko pisuaren eta obesitatearen progresioa Europan, oraindik ere osasun publikoko arazo garrantzitsua baita OMEren Europako Eskualdean.

 

Emaitzek erakutsi zuten gehiegizko pisua eta obesitatea orokortuta zeudela Europako haurren artean: gehiegizko pisuaren prebalentzia (obesitatea barne) % 29 ingurukoa izan zen 7-9 urteko mutilen artean, eta % 27koa nesken artean. Obesitatearen prebalentzia % 13 ingurukoa izan zen mutilen artean, eta % 9koa nesken artean. Hala ere, alde handiak egon ziren herrialdeen artean: gehiegizko pisuaren eta obesitatearen mailarik altuenak eremu mediterraneoko herrialdeetan ikusi ziren, eta mailarik baxuenak, berriz, Asia erdialdeko herrialdeetan.

 

Ohiturei dagokienez (bai dietan, bai jarduera fisikoan), haurren % 80 inguruk egunero gosaltzen zuten, % 45ek egunero jaten zuten fruta eta % 25ek egunero jaten zituzten barazkiak. Haur gehienek gutxienez ordubete ematen zuten aire zabalean jolasten, eta % 40k gutxienez 2 ordu ematen zituzten egunean telebista ikusten edo gailu elektronikoak erabiltzen. Ohitura osasungarriagoak ikusi ziren maila sozioekonomiko handiagoko familietako haurren dietan eta jarduera fisikoan.

 

Politika publikoei dagokienez, hobetzeko hainbat arlo daude. Lan horrek sektore eta erakunde askoren arteko koordinazioa eskatzen du, haur eta nerabeentzako programa integralak ezartzeko, helburu hauekin:

 

  • Elikagai osasungarriak hartzea eta elikagai ez-osasungarriak eta edari azukredunak gutxiago hartzea sustatzea
  • Jarduera fisikoa sustatzea eta jokabide sedentarioak murriztea
  • Lehen haurtzaroan dieta, lo eta jarduera fisiko osasungarri baterako orientazioa eta laguntza ematea
  • Eskola-ingurune osasungarriak, osasun- eta nutrizio-alfabetatzea eta jarduera fisikoa sustatzea
  • Obesitatea dutenen pisuaren jarraipena eta kontrola egiteko zerbitzuak ematea.