OMEren Europako eskualdean haurren obesitatearen prebalentziari buruzko 2018-2020 COSIren (Childhood Obesity Surveillance Initiative) bosgarren txandaren emaitzak jasotzen dituen txostena argitaratu da. Bertan, 33 herrialdek eta ia 411.000 ikaslek parte hartu dute. Espainiaren kasuan, txandak 2019 ALADINO azterlaneko datuak barne hartzen ditu.

OMEren Europako eskualdean haurren obesitatearen prebalentziari buruzko 2018-2020 COSIren (Childhood Obesity Surveillance Initiative) bosgarren txandaren emaitzak jasotzen dituen txostena argitaratu da. Bertan, 33 herrialdek eta ia 411.000 ikaslek parte hartu dute. Espainiaren kasuan, txandak 2019 ALADINO azterlaneko datuak barne hartzen ditu.

 

OMEren Europako Eskualde Bulegoak 2007an abian jarri zuen Haurren Obesitatea Zaintzeko Europako Ekimena, eskola-umeen artean gehiegizko pisuaren eta obesitatearen prebalentziari buruzko zaintza-datu estandarizatuen beharra asetzeko. Informazio hori eskuragarri egotea oinarrizkoa da OMEren Europako eskualdean haurren obesitateari aurre egiteko politika eta estrategia eraginkorrak garatzeko.

Datu horiek modu sistematikoan bildu eta analizatzen direnez, herrialdeen arteko alderaketa egin daiteke, eta Europako haurren obesitatea eta gehiegizko pisuaren bilakaera hobeto ulertzen laguntzen dute. Biak kontuan hartuta, argi dago OMEren Europako eskualdean haurren obesitatea osasun publikoko arazo larria izaten jarraitzen duela.

 

COSIren azkeneko txandan lortutako emaitzen arabera, OMEren Europako eskualdeko 7 eta 9 urte bitarteko eskola‑umeen % 29k gehiegizko pisua edo obesitatea du. Mediterraneoko herrialdeek dute prebalentzia handiena, eta horien artean dago Espainia. Espainiaren kasuan gehiegizko pisuaren prebalentzia % 38,4koa da mutilen kasuan eta % 39,3koa, berriz, nesken kasuan. Herrialde gehienetan gehiegizko pisua ohikoagoa izaten da mutilen kasuan; hala ere, Espainian joera kontrakoa da, eta gehiegizko pisua apur bat ohikoagoa da nesken kasuan.

 

Lehenengo txandarekiko (2007-2008; 2011 Espainiaren kasuan) bilakaera aztertzean, Espainian, Grezian, Portugalen eta Italian gehiegizko pisuaren eta obesitatearen prebalentziaren joera beheranzkoa da. Beherakada gorabehera, aipatutako herrialdeetako prebalentziak eskualdeko altuena izaten jarraitzen du.

 

Elikadura-ohiturei dagokienez, OMEren Europako eskualdeko eskola‑umeen % 43k soilik jaten du fruta egunero, eta % 34k soilik jaten ditu barazkiak egunero. Espainiaren kasuan, berriz, prebalentziak are txikiagoak dira (% 37 eta % 13, hurrenez hurren). Freskagarriei dagokienez, eskualdeko eskola-umeen % 22k kontsumitzen ditu 4 aldiz edo gehiago astean zehar. Espainian eskualdeko herrialdeen artean prebalentziarik txikienetako bat aurkitzen dugu; izan ere, eskola-umeen % 4k kontsumitzen ditu.

 

Bestalde, jarduera fisikoari dagokionez, eskualdeko haur gehienek (% 87) gutxienez ordubete ematen dute modu aktiboan/bizian jolasten; Espainiaren kasuan, berriz, % 75ek.