Haurren obesitatea: egoera eta OMEk gomendatutako ekintzak
Soilik 40 urtetan, obesitatea duten eskola-adineko haurren eta nerabeen kopurua 10 aldiz handitu da (11 milioitik 124 milioira).
Horrez gain, kalkuluen arabera, beste 216 milioi haur eta nerabek gehiegizko pisua dute.
Epidemia arinago hazi da diru-sarrera baxuak eta ertainak dituzten herrialdeetan, bereziki Afrikako iparraldean eta hegoaldean, Ekialde Ertainean eta Pazifikoko irletan.
Helduen obesitatea arrisku-faktore handia da eta horri lotuta, gaixotasun kardiobaskularrak, zenbait minbizia arrunt, diabetesa eta osteoartritisa izateko aukera handiagoak daude.
Obesitatea prebenitzeko, bizitzako etapa guztietan egin behar da zerbait:
Jaio aurretik eta hilabete gutxirekin
Amaren nutrizioa
Gorputz-pisu handia duten amek aukera gehiago dituzte gehiegizko pisua edo obesitatea duten seme-alabak izateko. Amaren pisua kontrolatzea (haurdunaldiaren aurretik eta bitartean) amarentzako onuragarria ez ezik, etorriko den haurrarentzako onuragarria ere bada.
Edoskitzaroa
Frogatuta dago: edoskitzeak haurren obesitatetik babesten du. OMEk gomendatzen du haurraren lehen sei hilabeteetan zehar bularreko umeak amaren esnearekin bakar-bakarrik elikatzeko.
Elikadura osagarria
Kasu batzuetan, elikadura osagarria beharrezkoa izan daiteke, baina kasu gehienetan amaren esnearekin aski da. Gobernuek geldiarazi egin behar dituzte elikagai osagarriak iruzurrez merkaturatzeko modu guztiak.
Garapen-etapetan zehar
Inguru obesogenikoak
Haurren elikadura-inguruan aukera osasungarriak erraza eta eskuragarria izan behar du, eta osasuntsuak ez diren elikagaien eta edarien marketin agresiboaren aurrean babesa eman behar zaie.
Jarduera fisikoa
Mundu osoko nerabeen % 81 (mutilen % 78 eta nesken % 84) ez da gomendatutako eguneroko jarduera fisikoko mailetara iristen. Ez dugu soilik dietaren gainean eragin behar, haurrengan sedentarismoa murriztera bideratutako ekintzak sustatu behar ditugu.
Eskola-ingurua
Eskolek haurren obesitatean eragiteko aukera handia ematen dute, haurren eta nerabeen nutrizioa hobetzen baitute: jaki eta edarien aukera osasuntsuak eskaintzen dituzte + jarduera fisikoa sustatzen dute + nutrizioari lotuta heziketa ematen dute.
Zer beste neurri hartu daitezke/behar dira?
Elikagaien etiketak
Elikagaien eduki nutrizionalaren ulermen hobea sustatzeko, nutrienteen adierazpenaz gain, herrialde asko informazio nutrizional osagarria jartzen ari dira produktuaren ageriko lekuetan.
Edari azukretuen gaineko zergak
Diru-sarrera ertainak eta altuak dituzten herrialde askotan, nerabeek gutxienez edari azukretu bat hartzen dute egunean. Mexikon zerga bat ezarri zaie edari mota horiei, adingabeengan horien kontsumoa murriztuz.
Haurren obesitatearen monitoretza-lana
Haurren osasuna eta gorputz-pisua kontrolatzeak lagunduko du herrialde bateko haurren obesitateari aurre egiteko estrategia ebaluatzen, bai prebentzioari begira bai horren tratamendurako.