Dieta orekatua eta askotarikoa izatea ezinbesteko baldintza da gizabanakoen osasunari eta ongizateari eusteko. Gaur egunera arte, ezarritako eredu dietetikoek ez dute frogatu biztanle guztien osasun-egoera onari eusteko xedea betetzen denik. Egungo elikadura-ereduek iraunkortasun kontzeptua hartzen dute aintzat, osasun-alderdiez gain.

 

Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) eta Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) honela definitzen du dieta osasungarria: “norbanakoen garapena sustatu eta malnutrizioa prebenitzen duena. Malnutrizioa, desnutrizioa ez ezik, obesitatea ere bada”.

 

OMEren ustez, dieta ez-osasungarriak eta egunero jarduera fisikoa ez egitea dira osasunaren aurkako arrisku nagusiak. Hori dela eta, gomendio hauek eman ditu:

 

  • Elikadura-ohitura osasungarriak bizitzako lehen urteetan hartu behar dira.
  • Ingestio kalorikoa gastu kalorikoarekin orekatu behar da.
  • Azukre askeen kontsumoak ingestio kalorikoaren % 10 baino txikiagoa izan behar du.
  • Gatzaren kontsumoak eguneko 5 gramo baino txikiagoa izan behar du.

 

Gomendio orokor horiek herrialde bakoitzeko biztanleriaren baldintza partikularretara egokitu behar dira. Hori dela eta, AESANek bere Batzorde Zientifikoak egindako Espainiako biztanleriarentzat gomendio dietetikoak berrikusteari eta eguneratzeari buruzko txostena argitaratu du.

 

Txosten horretan, nazioko eta nazioarteko elikadura-gidak erkatzen dira, eta OME/FAOk emandako gomendioak egokitu egiten dira Espainiako biztanleriaren errealitatearen arabera.

 

Beste alde batetik, eta ildo berari jarraikiz, FAOk  Elikagaien segurtasunaren eta nutrizioaren egoera munduan izeneko txostena argitaratu du. Txosten horren arabera, malnutrizioaren zama, bere forma guztietan, oraindik ere erronka bat da.

 

Berrikusitako informazio osoan oinarrituta, AESANek, OMEren gomendio orokorrez gain, gomendatzen du elikaduraren oinarria fruta eta barazkiek osatu behar dutela, eta honako hauek kontsumitu behar direla:

 

  • 2-4 anoa barazki/egun (gordinik eta egosita),
  • 3-5 anoa fruta/egun,
  •  4-6 anoa zereal/egun (ahal bada osokoak),
  • 2-4 anoa lekale/aste,
  •  esne eta eratorrien 2-4 anoa esne eta esneki/egun,
  • 2-4 anoa haragi/aste (ahal bada, oilasko-, indioilar- eta untxi-haragia),
  • gutxienez 2-3 anoa arrain/aste,
  • 2-4 arrautza/aste.

 

Beti sustatu behar da sasoiko eta hurbileko produktuak kontsumitzea. Gainera, edari nagusi gisa, ura kontsumitzea (1,5-2 litro) eta oliba-olio birjina (ahal bada gordinik) erabiltzea gomendatzen da, baita astean zehar gatz osagarririk ez duten fruitu lehorrak kontsumitzea ere.

 

Azkenik, murriztu egin beharko litzateke elikagaien xahuketa, gure planeta zaindu eta etorkizuneko belaunaldientzat ingurune iraunkorragoa lortzeko neurri gehigarri gisa.

 

 

 

Espainiako biztanleriarentzat gomendio dietetikoak berrikusteari eta eguneratzeari buruzko txostena