Argitaratu berri den Obesitatearen 2023ko munduko atlasak iragartzen du 2035ean munduko 4.000 milioi pertsonak baino gehiagok (populazio osoaren % 51) gehiegizko pisua edo obesitatea izango duela (2020an 2.600 milioi pertsonak) eta adierazten du lau pertsonatik bat obesoa izango dela.

 

Obesitatea gaixotasun kroniko ez transmitigarri ugariren arrisku-faktore garrantzitsuenetako bat da, besteak beste honako hauena: diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, hipertentsioa, istripu zerebrobaskularrak eta zenbait minbizi-mota.

 

Txosten berriak ohartarazten du haurren obesitatea gora egiten ari dela “bereziki azkar”, eta kalkulatzen dute ia 400 milioi haurrek obesitatea izango duela 2035ean, baldin eta ez badira neurri garrantzitsuak hartzen. Txostenaren arabera, obesitatearen gorakadarik handiena izango dutela aurreikusten den hamar herrialdetik bederatzi diru-sarrera ertain-baxuko edo baxuko herrialdeak dira.

 

Gai horren harira, 2022ko urrian, Ingalaterran faktore anitzeko azterlan bat egin zuten, zeinetan gehiegizko pisuaren eta obesitatearen eta zenbait faktoreren (besteak beste diru-sarrera baxuak, langabezia, pobrezia eta gune berdeetarako sarbidea) arteko lotura aztertzen den. Nuffield Trust erakundeak argitaratu du txostena.

 

Gehiegizko pisua eta obesitatea, bai eta haiei lotutako gaixotasun ez transmitigarriak, neurri batean prebeni daitezke. Mundu mailan har daitezkeen politikez gain, norberak ere aldaketak egin ditzake elikadura-ohituretan: azukreen, koipeen eta gatzaren ingestioa murriztea. Horretarako, murriztu egin behar da, adibidez, elikagai ultraprozesatuen kontsumoa eta fruta, barazki, lekale, osoko zereal eta fruitu lehor gehiago kontsumitu. Halaber, urak izan behar du edari nagusia.