Argitaratu berri da Euskadiko Ekoizpen Primarioaren eta Elikagaien Kalitatearen arloko Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako 2016-2020ko Planaren bigarren urteari buruzko txostena. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egin du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloko sailekin batera.

Plana, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak 2016ko irailaren 16an emandako Aginduaren bidez onartua, bi helbururekin egin da, estrategia global gisa: alde batetik, elikagai eta pentsuen segurtasunaren eta kalitatearen arloko legezko eskakizunak betetzeko eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko elikagai eta pentsuen kontrol ofizialaz arduratzen diren agintaritza guztiak elkarren artean koordinatzeko beharrei erantzuteko.

Arriskuan oinarritutako kontrol ofizialak

Kontrol ofizial horien bitartez, elikakatearen oinarrian sar daitezkeen arriskuak detektatu eta ezabatu nahi dira, betiere ikuspegi aurreratu batean oinarrituta. Hori dela eta, aldez aurretik egiten den arrisku-analisia kontuan harturik planifikatzen dira kontrolak, eta horren arabera erabakitzen da zenbatean behin egin ikuskapenak. Horrenbestez, arrisku handiena duten operadoreak maizago ikuskatzen dira, eta modu horretan, gainera, kontrol ofizialerako erabiltzen diren baliabideak optimiza daitezke.

Plan hau betearazi den lehen urtean, 2.290 ikuskapen egin dira Planak jasotzen dituen hainbat arlotan:

  • Erauzketa-arrantza eta akuikultura.
  • Nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategiak.
  • Animalien elikadura eta ongizatea.
  • Giza kontsumorako ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuak.
  • Elikagaien merkataritza-kalitatea
  • Kalitate bereizia.
  • Ekoizpen ekologikoa.

Horrez gain, 1.669 lagin hartu dira, guztira, honako programa hauetan: kalitate bereizia, elikagaien merkataritza-kalitatea, ekoizpen ekologikoa, animalien elikadura, eta giza kontsumorako ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuak.

Arau-hauste nagusiak

Eginiko ikuskapenen % 15etan hauteman da arau-hauste motaren bat. Hauek izan dira aurkitutako huts nagusiak: erregistro-falta, operadoreen prestakuntza, lehengaien eta/edo egindako produktuen etiketatzeak eta instalazioen higiene- eta osasun-egoera.

Bestalde, hartutako laginen 40 baino ez dira bat etorri, hots, laginen % 2,4.

Alabaina, datu horrek ez du erakusten benetan zenbat arau-hauste egiten dituzten operadoreek; izan ere, ikuskapenak arrisku handieneko operadoreei egiten zaizkie gehienbat.

 

Nabarmendu beharreko bestelako alderdi batzuk

Planean, kontrol ofizialak ez ezik, beste hainbat alderdi jasotzen dira: operadoreen eta kontrol-langileen prestakuntza eta kontrolen kalitatea, besteak beste.

Kontrolen kalitatea neurtzeko, kontrol-programen egiaztapenak eta auditoretzak egiten dira, eta horri esker egiazta daiteke ea kontrolak kalitate, eraginkortasun, efizientzia eta proportzionaltasun gorenaren irizpideei jarraituz egiten diren.