Elikadura osasungarriaren oinarria dieta orekatua da. Ez dago beharrezko nutriente guztiak ematen dituen elikagai bakar bat ere; horregatik, dietak askotarikoa eta orekatua izan behar du, eta elikagai multzo guztiak kontsumitu behar dira, proportzio handiagoan edo txikiagoan.

Gaur egun gomendatzen da frutak eta barazkiak izan daitezela elikaduraren oinarri. Hala, modu osasungarrian jateko zer jan behar den iradokitzeko garaian, plater osasungarria da eredu onartuenetako bat. Alabaina, beti ez da erraza izaten pertsona bakoitzak elikadura multzo bakoitzetik zenbat jan behar duen kalkulatzea.

Elikaduraren Fundazio Britainiarrak errazio orekatuak kalkulatzeko gida bat argitaratu du. Horren bidez, gobernu britainiarrak plater osasungarriaren bidez emandako gomendioak osatzen ditu eta kontsumitzaileei beren eskuak erabiliz elikagaiak neurtzen irakasten die, errazio indibidualak egiteko.

Gidaren helburua da jateko garaian oreka aurkitzen laguntzea. Kontua ez da gutxiago jatea, desberdin jatea baizik. Pertsona bakoitzak behar desberdinak ditu, eta behar dugun elikagaien kopurua aldatu egiten da pertsona batetik bestera.

 

Horregatik, gidak errazioen neurri desberdinak  kalkulatzen laguntzen du, horretarako eskuak erabiliz; izan ere, zenbat eta handiagoa izan pertsona bat, orduan eta esku handiagoak izango ditu, eta alderantziz. Horrez gain, elikagai multzo bakoitzerako errazio desberdinak gomendatzen ditu, eta eguneroko adibideak ematen ditu.