Energia ugariko eta mantenugai gutxiko elikagaiak oso eskuragarri daude, eta, ondorioz, pertsona askok koipe, azukre eta gatz ugariko elikagai-kopuru handiak kontsumitzen dituzte. Osasungarria ez den dieta-mota horrek urtean 8 milioi heriotza goiztiar eragiten ditu munduan.

 

Arduradun politikoek onartu dute neurriak behar direla elikagai osasuntsuagoak hornitzeko. Honako hauek dira lehenetsi beharreko ekintzak: trans gantz-azidoak ezabatzea, elikagaietan azukrearen, gatzaren eta gantz aseen kopurua murriztea, anoako energia-kopurua murriztea, eta informazio gehiago ematea kontsumitzaileak hezteko.

 

Elikagaiak birformulatzeko politikak neurri garrantzitsuak dira dieta osasungarriak babesteko. Elikagaien birformulazio-prozesuan aldatu egiten da elikagaien edo edarien osaera haien profil nutrizionala hobetzeko edo interes txikiko osagaien edo mantenugaien kopurua murrizteko.

 

OMEk munduko herrialdeek onartutako politikei buruzko laburpen-liburuxka bat argitaratu berri du. Politiken laburpen horrek informazioa ematen die eragile politikoei, elikagaien fabrikatzaileei eta osasun arloko profesionalei, elikagai guztietan  trans  gantzak ezabatzeko eta gantz aseen, azukreen eta gatzaren kopurua murrizteko ekintzak ezartze aldera.

 

Herrialdeek hartu dituzten neurrien berrikuspenean, honako hau ikusi da:

 

  • Jendeak produktu birformulatuak erosten eta kontsumitzen ditu. Kontsumitzaileek hobeto onartzen dute, bereziki, gatza murriztea.
  • Oro har, elikagaien birformulazioak berekin dakar ingestio nutrizionala hobetzea. Europako eta Estatu Batuetako azterlanak aztertuta, ikusi zen elikagaia birformulatu ondoren biztanleek 0,57 g gatz gutxiago kontsumitzen zutela. Trans gantzei dagokienez, antzeman zen ingestioa % 38 eta % 85 bitartean murriztu zela herrialdeen arabera (Costa Rica, Estatu Batuak, Erresuma Batua).
  • Elikagai prozesatuetan trans gantz-azidoak mugatu edo partzialki hidrogenatutako koipeak debekatu ondoren, % 4,3-6,2 murriztu da gaixotasun kardiobaskularrek eragindako heriotza-tasa Austrian, Danimarkan, Costa Rican eta Estatu Batuetan. Era berean, azterlan britainiar batek erakutsi du elikagaietan gatza murrizteak eragin positiboa duela arteria-presioan.

 

 

Zergatik ezarri behar dira elikagaiak birformulatzeko politikak?

 

Elikagaiak eta edariak birformulatzeko politikak ezartzearen asmoa da osasun publikorako, partikularrentzako eta enpresentzako onurak sortzea:

 

  • Osasun publikoa: elikagaietan osasungarriak ez diren gantz, azukre eta gatz gehiegiren kontsumoa murriztean, banakakoek eta populazioek hobetu egiten dute beren dieta; aldi berean, horrek murriztu egiten du dietarekin lotutako gaixotasunak izateko arriskua eta onuragarria da talde sozioekonomiko guztientzat.
  • Populazioa: birformulazioak hobetu egiten du elikagaien kalitate nutrizionala eta lagundu egiten die kontsumitzaileei dieta osasungarriagoak kontsumitzen.
  • Enpresak: birformulazioaren helburuek edo mugek eremu orekatua sortzen dute elikagaiak prozesatzeko sektore osoan.

 

 

Estatu mailan, AESANek plan bat sustatu zuen elikagaien osaera hobetzeko. Plan horren azken ebaluazioari buruzko txostena duela hilabete batzuk argitaratu zen.