Elikadura osasuntsua eta jasangarria haur-hezkuntzako lehenengo zikloan: adostasun-dokumentua
Bizitzaren lehenengo urteetan elikadurak ezinbesteko garrantzia dauka; izan ere, nutrizio-egoera ona emateaz gainera, bizitzaren gainerako etapetarako ohitura osasuntsuak hartzen lagundu dezake.
2010ean ikastetxeetako elikadurari buruzko adostasun-dokumentu bat onartu zen. Agiri horretan, hiru urtetik aurrerako ikasleentzako menuak programatzeko baldintza nutrizionalak ezarri ziren. Ondoren, gaiari buruzko zenbait araudi argitaratu dira, eta 2020an, 2021-2025 aldiko Elikakatearen Kontrol Ofizialerako Plan Nazionalean (PNCOCA) 16. programa gehitu zen berritasun gisa, ikastetxeetako (baita hauetarako ere: haur-hezkuntzako bigarren zikloa, lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza eta hezkuntza berezia) elikadura-eskaintza ofizialki kontrolatzera bideratuta (eskola-menuak, salmenta-makinak eta kafetegiak).
AESANek, eskola-arloko ingurune osasuntsurako araudi eta ildoekin bat etorrita, “elikadura osasuntsua eta jasangarria haur-hezkuntzako lehenengo zikloan” adostasun-dokumentua argitaratu du.
Hona hemen dokumentuaren mezu nagusiak:
- Haurrek kalitatezko elikadura eta nutrizioa eskuratzea bermatzearen xedea Europako Haur Bermearekin bat dator.
- Hezkuntzako zerbitzuen estaldura handitzea eta kalitatea homogeneizatzea erabakigarria da hezkuntzarako eskubidea hobeto baliatzeko eta haurren osasuna hobetzeko errenta-maila baxuagoko etxeetan, epe laburrera eta luzera begira.
- Eskola-jantokia hezkuntza-ekitaterako bultzatzailetzat; ikastetxean irauteko aukerak hobetzea ahalbidetzen du, bai eta errendimendu akademikoan eragina duten laguntza- eta jolas-jarduerez gozatzea ere.
- 0-3 urte arteko haur-hezkuntza esparru egokia da eredu integral bat proposatzeko; eredu horretan, jantoki-proiektua hartuko da kontuan, ikuspegi holistiko gisa, 0-3 urte arteko aldiko nutrizioko, osasun publikoko eta pediatriako erakundeen gomendioei eta haurren premiei eta eskubideei erreparatuko die, eta errealitatea izango da, eremu despopulatu eta babesgabe guztietan ere ezartzen den heinean.
- Ikastetxeetako ongizatearen eta babesaren koordinatzaileak (abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak ezarritako figura) eginkizun bereziki garrantzitsua dauka elikadura jasangarria eta osasuntsua bermatzearen garrantziari buruz kontzientziatzeko, bai eta gomendio horiek hezkuntza-komunitate osora zabaltzeko ere.
Adostasun-dokumentua: ELIKADURA OSASUNTSUA ETA JASANGARRIA HAUR-HEZKUNTZAKO LEHENENGO ZIKLOAN
