Batzordeak HealthyLifestyle4All kanpaina jarri du martxan, europarren osasuna eta ongizatea hobetzeko asmoz. Bi urteko kanpaina horrek kirola eta bizimodu aktiboak lotzen ditu osasuneko, elikadurako eta antzeko beste arlo batzuetako neurriekin, eta hainbat partaide ditu: gizarte zibila, gobernuz kanpoko erakundeak, administrazio nazionalak, eskualdeko administrazioak eta nazioarteko erakundeak.

 

HealthyLifestyle4All kanpainak hiru helburu nagusi ditu:

 

  • Bizimodu osasuntsuei buruzko kontzientziazioa areagotzea edozein adinetan.
  • Kirola eta jarduera fisikoa egiteko eta elikadura osasuntsua izateko aukerak erraztea.
  • Ikuspegi globala sustatzea elikadura, osasuna, ongizatea eta kirola lotzen dituzten politika eta sektore guztietan.

 

 

Kanpainaren koordinatzaile izanik, Batzordeak hainbat ekintza egingo ditu datozen bi urteetan, besteak beste:

 

  • Bizimodu osasuntsua bultzatzen duten proiektuetarako finantzaketa areagotzea.
  • Europa mailako belaunaldien arteko #BeActive sari bat sortzea, adin guztietan kirolak duen garrantzia aitortzeko.
  • EBn aplikazio mugikor bat abian jartzea, bizimodu osasuntsuek minbiziari aurrea hartzeko duten garrantziari buruz kontzientziatzeko,  Minbiziaren aurka Borrokatzeko Europako Planeko helburuak bultzatuz.
  • Elikadura-osagaiei buruzko datu-base bat garatzea, EBn saltzen diren eraldatutako elikagai-produktuen kalitate nutrizionalari buruzko informazioa jasoko duena, elikadura-produktu osasuntsuagoak bultzatzeko eta azukre, koipe eta gatz asko duten elikagaien kontsumoa murrizteko.
  • Elikadura osasuntsu eta jasangarriaren, jarduera fisikoaren eta buruko osasunaren gaia lantzea eskoletan.
  • Bizimodu osasuntsuei buruzko datuetan oinarritutako politikak egin daitezen sustatzea,  Osasuna sustatzeari eta gaixotasunak prebenitzeari buruzko ezagutzen atariaren eta Minibiziari buruzko Ezagutzen Zentroaren bidez.

 

Eurobarometroaren azken inkestaren arabera, europarren ia erdiak ez du kirolik edo ariketa fisikorik egiten inoiz, eta proportzio hori handitzen joan da azken urteetan. 15 urteko edo hortik gorako 7 pertsonatik 1ek soilik jaten ditu gutxienez fruta edo barazkien eguneko bost anoak; aldiz, 3tik 1ek ez du egunero frutarik edo barazkirik jaten. Bizimodu osasuntsuek hainbat gaixotasun ez transmitigarriren intzidentzia murrizten lagundu dezakete. Esate baterako, frogatu da minbizien % 40tik gorari aurrea hartu dakiekeela, eta dieta ez osasuntsuak eta bizimodu sedentarioak erabakigarriak direla. Gainera, kirolak immunitate-sistema indartzen du, buruko osasuna hobetzen laguntzen du eta inklusio- eta partaidetza-balio garrantzitsuak irakasten dizkigu.

 

Elikaduraren eta jarduera fisikoaren arloko ekimenei buruzko dokumentu orokor batean egiaztatu da dietak gaixotasun ez transmitigarrien karga murriztu dezakeela, hala nola minbiziarena, gaixotasun kardiobaskularrena, obesitatearena eta diabetesarena. «Baserririk mahaira» estrategiaren xedea da elikadura-sistema jasangarri bateranzko trantsizioa azkarrago egitea, pertsona guztiek elikagai nahikoak, ez kaltegarriak, nutritiboak eta jasangarriak eskuratzeko aukera bermatzeko.