EFSAren arrisku kimikoei buruzko OpenFoodTox datu-baseak elikagai eta pentsuetan dauden substantzia kimikoen datu toxikologikoak ematen ditu. Datu-base horrekin, Elikagai Segurtasunaren arloko agentziek eta beste organismo batzuek errazago egin ahal dituzte arrisku-ebaluazioak.

Gaur-gaurkoz, EFSAren OpenFoodTox datu-baseak 4.750 substantzia kimiko baino gehiagoren datuak biltzen ditu, berriki 321 substantzia gehitu ondoren. Gainera, interfazea hobetu denez eta datuak esploratzeko funtzio gehiago jarri direnez, orain errazago kontsulta daiteke datu-basea. Bestalde, datu-basearen bertsio berriak gizakien eta animalien osasunean oinarritutako 1.816 erreferentzia-balio baino gehiago ere ematen ditu (esaterako, eguneroko ingesta onargarri eta toleragarriak), produktu fitosanitarioen, kutsatzaileen, elikagai-osagaien eta elikagai- eta pentsu-gehigarrien 132 arrisku-ebaluaziotatik ateratakoak.

Azkenik, EFSAk nabarmendu duenez, datu-base hau 2017an argitaratu zenez geroztik zenbait eredu informatiko garatu dira elikagai eta pentsuetako substantzia kimikoen toxikotasuna aztertzeko.