EFSAko nutrizioko aditu taldeak amaitutzat jo du elikagaietako azukreen segurtasunari buruzko behin-behineko ebaluazioa, berrikusketa zientifiko sakona egin ondoren

Europako bost herrialdek (Danimarka, Finlandia, Islandia, Norvegia eta Suedia) EFSAri eskatu zioten 2010ean eginiko ebaluazioa eguneratzeko eta bibliografia zientifikorik berriena berrikusteko gai honi dagokionez: azukreen kontsumoaren eta askotariko gaixotasunen artean dagoen harremana (obesitatea, 2 motako diabetesa, zenbait gaixotasun kardiobaskular, gota eta hortzetako txantxarra).

 

EFSAk, 30.000 argitalpen baino gehiago ebaluatu ondoren, amaitutzat jo du bere behin-behineko ebaluazioa, eta zientzia-irizpenaren proiektua azaltzeko liburuxka bat argitaratu du.

 

Horrez gain, uztailaren 22an jendaurreko kontsulta bat ireki zen (irailaren 30era arte egongo da zabalik), eta EFSAK jendaurreko bilera bat ere egingo du irailaren 21ean, irizpen-proiektuaren inguruan eztabaidatzeko. Eskaera egin duten herrialdeek nutrizioko adituak animatu nahi dituzte proiektuari buruzko oharrak aurkeztera, horren bidez EFSAko zientzialariei lagunduko baitiete berrikuspen garrantzitsu hori osatzeko lanetan.

 

Herrialde horiek espezifikoki galdetu zuten ea posible izango litzatekeen oinarri zientifikoa duen muga bat ezartzea; hau da, nutrienteen ingestio jasangarriaren gehieneko maila bat elikagaietako azukreei dagokienez, zeinaren azpiko kontsumoak ez lukeen osasun-arazorik ekarriko. Behin-behineko ebaluazioa egin ondoren, aditu taldeak ondorioztatu zuen ezinezkoa dela atalase hori ezartzea.

Nolanahi ere, irizpenaren bidez berretsi egin da loturak daudela azukreen kategoria ezberdinen kontsumoaren eta gaixotasun metaboliko kronikoak eta hortzetako txantxarra izateko arriskuaren artean. Informazio horren guztiaren helburua da EBko estatu kideei laguntzea herritarrei begira helburuak eta gomendioak ezartzeko.

 

Irizpen-proiektuak EBko eskalako ingestio-eredu bat barne hartzen du; horren bidez elikagaietako azukreen kontsumoa kalkulatu daiteke herrialdez herrialde. Horrez gain, elikagaietako azukreen ingestioan ekarpen handiena egiten duten elikagaien kategoria nagusien ikuspegi xehatuagoa ere ikus daiteke.