Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) elikagai-kategoria bakoitzerako erreferentziako sodio-balioak ezarri ditu, mundu-mailan. Hori kontsumitzaileen sodio-kontsumoa murrizteko egiten ari diren ahaleginen barnean kokatu behar dugu.

 

Mundu-mailako erreferentziako balioak ezartzea urrats garrantzitsua da elikadura-produktuen birformulazioa errazteko; hala, elikagaietan sodioa murriztea bultzatuko da. Erreferentziako balio horiek ezartzea neurri osagarria da, estatu kideak elikagaien osaera hobetzeko nazio-mailan hartzen ari diren neurriak indartzeko.

 

Zenbatespenen arabera, mundu osoko 11 milioi heriotza elikadura txarrarekin erlazionatuta daude; horietatik 3 milioi sodio gehiegi kontsumitzearen ondorio dira. Dietaren bidez sodio gehiegi hartzeak presio arteriala areagotzen du eta, ondorioz, gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua handitu egiten da; era horretako gaixotasunak dira, hain zuzen ere, heriotzen lehen kausa.

 

Argitalpen horretan, OMEk hainbat elikagai kategoriatarako ezarri dituen erreferentziako sodio-balioak ageri dira, baita balio horiek ezartzeko jarraitu den prozesuaren azalpena ere.