AESANek (Elikagaien Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentzia) haurrei zuzenduriko kanpaina bat martxan jarri du: Jarri heroi gehiago platerean eta bete zure bizitza superboterez. Kanpaina horren helburua da haurren obesitatearen aurka borrokatzea. Hala, elikadurari loturiko ohitura hobeak sustatu nahi dira, haurrek fruta, barazki eta lekale gehiago jan ditzaten eta jarduera fisiko gehiago egin dezaten.

 

Kanpaina hori oso garrantzitsua da haurren obesitateari buruzko azken datuak kontuan hartzen baditugu. Datu horiek azken Aladino txostenean argitaratu ziren: 6 eta 9 urte arteko haurren % 23,3k gehiegizko pisua du eta % 17,3k, berriz, obesitatea. Gainera, eskolara doazen haurren % 4,2k obesitate larria dauka. Horrek esan nahi du 6 eta 9 urte arteko haurren % 40,6k gehiegi pisatzen dutela (gehiegizko pisua gehi obesitatea).

 

Haurren obesitateak kalte larriak dakarzkio osasunari, epe laburrean zein luzean; haurren bizi-kalitateari eragiten dio eta autoestimu baxuarekin lotuta dago. Gainera, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gehiegizko pisua duten haurren % 60k gehiegizko pisua izaten jarraituko du nagusitan.

 

Kanpainak askotariko material grafikoak ditu, hala nola bideoak, kartelak eta superheroi berrien istorioak: laranja, platanoa, brokolia, azenarioa eta ilarrak.